OSABIDEAK 3/2017 espetxe-instrukzioaren indargabetzeari eta 6/2018 espetxe-instrukzio berriari dagokionez

OSABIDEAK 3/2017 espetxe-instrukzioaren indargabetzeari eta 6/2018 espetxe-instrukzio berriari dagokionez

OSABIDEAK 3/2017 espetxe-instrukzioaren indargabetzeari eta 6/2018 espetxe-instrukzio berriari dagokionez

PRENTSA OHARRA 2019.01.03

Lege espainiarrak gaixotasun sendaezin eta larriak dituzten eta bizitzarako arrisku nabaria duten pertsonen espetxe kaleratzea aurreikusten du. Hauek (larritasuna, sendaezina izatea eta bizitzarako arrisku nabaria) ez dira denborazkotasunarekin erlazionatutako kontzeptuak. Askatasuna ukatzearen zigorra giza-duintasuna babesteko malgutzen da, tratu anker eta umiliagarriak debekatuz oinaze handia suposatzen duten egoera hauen aurrean. Hortaz, Jurisprudentziak eta Doktrinak ez dituzte denborazkotasun kriterioak aintzat hartzen, hauek salbuespeneko egoerak bezala ulertuz, non zigorraren zentzua bere helburua galtzen duen.

3/2017 instrukzioak gaixoek askatasunean biziko duten bizitzako azken aldia “bizi aldi oso motzera” murrizten zuen, hierarkia normatiboa hautsiz, Lege Organikoaren erreserba printzipioa urratuz eta lege-habilitaziorik gabe utziz. “Bizitzarako arrisku nabaria” eta “berehalako arriskua” parekatzen zituen eta “bizi aldi oso motza” denborazkotasun kriterioa ezarri zuen (bi hilabete Zoido Barne ministro ohiaren ustez).

06/2018 instrukzio berriak “bizi aldi oso motza” bezalako kontzeptu esplizitu gogaikarriak ezabatzen ditu, halere, “bizitzarako arrisku nabaria” eta “gaixotasun terminala” kontzeptuak oker nahasten ditu. Honen ondorioz, hainbat gaixotasun larri, sendaezin eta bizitzarako arrisku nabaria dutenak (gaixotasun mental larriak barne) kanpoan uzten ditu. Erizpide edo protokolo berritzaileak eransten dituela azpimarratzen dute, Karnofsky-ren indizea kasu, baita medikuek bete beharreko inprimaki bat ere. Halere, hauek ez dira eranskin berriak. Aurreko protokoloetan eta kartzelako medikuek aspaldi erabiltzen dituzten agiriak dira eta beraien eraginkortasun eza agerikoa da. Zuzenbidearen kontrakoa izateaz gain, tratu krudel eta iraingarria ahalbidetzen duen tresna da.

Lege-habilitaziorik gabeko hirugarren instrukzioa da hau: 4/2015, 3/2017 eta 6/2018. Hirurak Kode Penalaren erreforma faltsuak motibatuta eta 7/2003 (ley de cumplimiento íntegro de penas) eta 1/2015 (prisión permanente revisable) legeak operatuta daude. Erreforma hauek, zigor espiritua zuten arren, ez zuten “denborazkotasun” kontzeptua aipatzen eta ez zituzten zigorra eteteko salbuespeneko egoerak aldatzen, gaixotasun larri, sendaezinen eta bizitzarako arrisku nabaria dutenen kasuetan, arrazoi humanitarioak direla eta. Hirurak “ad hoc” sortutako instrukzioak dira, marko legaletik kanpo, larriki gaixo edo ahultasun egoera berezian dauden pertsonen zigorraren etendura lortzeko aukerak baldintzatu edo eragozteko.

Aldaketa forman datza, beraz, ez funtsean; zigorraren krudeltasuna itxuraldatu dute. Bi instrukzioek ideia bera konpartitzen dute: gaixoek epe laburrean hiltzeko bakarrik atera behar dutela espetxetik.

Gure Elkarteak atxikimendu-kanpaina hasi zuen profesionalen -mediku eta juristak- eta osasun eta giza eskubideen aldeko elkarteen artean instrukzioaren indargabetzea eskatuz; NBE, Amnistia Internazional eta CPT (Comision de prevencion de la tortura) informatu genituen eta Arartekoari, Espetxeetako Zuzendaritzari eta Herriaren Defendatzaileari honen berri eman genien ere.

Instrukzioaren aldaketa positibotzat hartzen dugu, Gobernua berau egitera behartua sentitu delako, nahiz eta funtsezko aldaketarik ez duen suposatzen. Beraz, bidea egiten jarraitu behar dugu, larriki gaixo dauden pertsonen espetxeratzearen ordezko neurriak berdintasunezko ardatz sanitario eta humanitarioen gain egon arte.

OSABIDEAK